XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ELKARRIZKETA

MARTIN IRIGOIEN ANTZERKI IDAZLEA

Erakutsi ez diguten historia agertu nahi izan dut

GARAZIKO Ainhize-Monjelose herrian sortu zen Mattin Irigoien, 1964an.

Donepaleuko eskolan laborantza ikasi, eta handik hurbil dagoen Arberatze herrian bizi da.

Nekazarien kudeakuntzaz arduratzen den elkarte batean ari da lanean.

Antzerkiarekiko atxikimendua haurtzarotik darama berarekin, bestalde.

Hainbat herri antzerki idatzi du, Toberak bereziki. 1996an Toribio Altzaga saria irabazi zuen; Oztibarreko antzerki taldeak orain gutxi estreinatua. Iparraldeko herri antzerkiari buruz mintzatu gara.

-Noiz eta nola hasi hintzen antzerki munduan, Mattin?

-Gure herrietan ttipitatik ikusi diagu antzerkia. Ni sortu garaian, Hiruak Bat taldea Ainhize, Gamarte eta Lakarra herrietako antzerkilariek osatua ezagutu diagu.

Mutil koskorra ginela ikusi eta parte hartu diagu. Izutu eta irri egin diagu ttipitatik, eta hori beti gelditzen duk hire baitan.

Adoleszentzian, berriz, Biper Beltx taldea sortu zian Garazin, eta harekin antzerki tirria atxiki genian.

Ildo beretik, 80ko hamarkadan, Hiruak Bat taldea berrabiatu genian, Guillaume Irigoien ene anaiaren zazpi antzezlan eman zitian taldeak, eta orduantxe jokolari edo aktore gisa aritu ninduan.

-Zerbait berri utzi zenuten herri antzerkiaren ibilbidean?

-Belaunaldi baten lan molde berri bat izan zian Hiruak Baten bigarren aldia.

Belaunaldi bakoitzak ekartzen duen hats berri bat eman genian antzerkiari kreazio haien bitartez.

Lehendik zeuden erreferentzi batzuk gorde genitian, eta gureak gehitu. Gero, gu ere barreiatu ginduan, haurrak munduratu...

-90eko hamarkada honen hastapenan, Amikuze eskualdean bizi izanik Toberak idatzi eta jokatu izan dituk. Zer dira Toberak?

-Toberak aintzinako antzerki molde bat duk, karriketan jokatzen dena, eta gure kasuan gizarte arazoak islatzen dituena. Egoera soziopolitikoari buruzko agerraldiak dituk.

Tobera funtsean, satira politikoa egiteko molde bat duk. Toberetan, antzerkia, bertsolaritza eta kantak sartzen dituk. Ororen buru, espresio horien bilgunea duk.

-Hil honen lehen asteburuan taularatu zen Hautsi da kristala zure lana. Zein inpresio hartu huen?

-Ikusi diagu obra bat freskotasun handiz emana. Jokalariek testuaren indarra doblatu ditek beren jokoaz, erran nahi baita, zentzua ongi beretu dutela eta interpetatu.

Amateurrak izateak ematen ziok obrari naturaltasun bat, plazako naturaltasuna.

Publiko osoa obran sartu duk, eta ongi jarraiki dik lana. Gela mukurru betea zian. Oztibarretik bertatik jinak, eta jende gazte asko gainera.

-Zuzendariak eginiko lanaz kontent ere...

-Baiki. Kittof Prudhommes-ek zuzendua duk. Euskaldun berria, gaztea eta kanpotik etorritakoa.

Antzerkiarekiko sentsibilitate berezia dik eta kudeaketa biziki fina darama jokolariekin.

Hamabi aktoretatik zortzik lehen aldikotz eman ditek obra bat taula gainean.

Kittofek jokalariok ekarri ditik emeki-emeki antzerki hizkuntza ohartzeari zenbait hilabetetako lanean; ez baita gutti.

Funtsean, nik obran eman kolorea aktoreengana eraman dik, eta gazte horien espresabidea agertarazi ere.

-Aspaldi ez dela, orrialdeotan irakurri ahal izan genian hik errana. Antzerkia norentzat idatzi, hori da gure arazoa. Lan honen ondotik, ari haiz aurkitzen ildoa?

-Erran hura kezka orokor bat duk: euskalgintzaren kezka funtsean.

Euskarazko gauzak egitean euskaradunari mintzo gaituk, eta oro har, Iparraldeko gizartea arrunt dislokatua dut; euskaraz bizi den gizartea alegia. Arazoa duk frantsesez bizi den gizarte bati nola mintzatu euskaraz antzerki bidez.

-Zer kontatua baduk, beraz.

-Badiat naski, zer erran eta nori erran. Orain arte ere hola egin izan duk eta gureak ez dik gelditzerik, porrota izanik ere; guk dena baitiagu ikasteko.

Ni aprendiz izanen nauk bizi guztian.

Iparraldekoari buruz, kosta nahiz barnealdeari buruz, Euskal Herria nahiz munduko arazoei buruz badiagu geure ikusmolde eta erranmoldea.

Hori guzia atera nahi diat, eta aterako diagu euskaradun gisa.

Bihar biziko bagara, egun egiten ari garelako duk; naturaltasunez eta normaltasunez.

Gure anormaltasunean normaltasunez jokatu behar diagu bitan gehiago.

-Obra honen aintzinetik Bi mila hamaseia izeneko hire obra eman zian Lekuineko antzerki talde gazteak. Zer zen hura? Ez zen Hegoaldean jokatu, hau jokatua izanen ote duk?

-Obra hura satira bat zian.

Iparralderako Pays Basque 2.010 proiektu politikoaren erreferentzia zian, eta beraz, Hegoaldera eramateko zaila.

Hautsi da kristala-n berriz, Euskal Herri osoko erreferentziak agertzen dituk.

Hegoaldeko publikoa erraz identifikatuko duk obrarekin. Euskara ez da estakurua ene ustez; ene eta gure desafioa hori duk preseski.

-Zuen aurreko belaunaldiak Hego eta Ipar arteko jaialdiak burutu zitian; Galarrotsak ditiak gogoan. Zuen belaunaldiak atxikiko dik antzerkia?

-Galarrotsak gauza puntual bat zian, azken finean festibal bat baino ez.

Antzerkia egiten bada, jendea prest izanen da festibalak egiteko, agertzeko moldeak aurkituko ditik jendeak.

Enetako inportantea xede baten inguruan talde bat muntatzea duk.

Antzerkiak balio dik xedea duenean. Oztibarreko antzerki taldean helburu batzuekin ari gaituk, herri antzerkiaren muinaren jarraipenean duk xede horietarik bat.

-Nola definituko huke herri antzerkia?

-Herri antzerkiak eguneroko arazoak islatu behar ditik, herri kultura espresatzeko funtzioa bete behar dik; ez duk soilik irri egiteko xedea.

Horrez gain, herri antzerkiaren beste funtzioa ekile belaunaldiak sortzea duk, kontsumitzaile izatetik at, bakoitzak bere kultura propioa garatzeko ahala ukan dezan.

Ez diat historikotasunik bilatu

-Toberetarako idazkiez aparte, antzerki lan bi idatziak dituk. Azkenekoak, Hautsi da kristala, Toribio Altzaga saria jaso zian. Zer duk hain justu?

-1512tik 1523ra bitartea doan garaiko egoera konkretu bat agertzen dik. Gaztelako armada Fernando Katolikoa buru zela Nafarroa suntsitzen eta bereganatzen ari duk.

Nafarrak oldartu dituk, eta Iruñea libratu ondotik, Noainen garaituak dituk Amaiur eta Hondarribian ere garaituak izan ondotik, gaztelarrak Baxenafarroara etorri dituk eta Mongelose ene sorterria eta Izura ere erre.

-Drama bat beraz. Berau idazteko arrazoi berezirik?

-Erakutsi ez diguten gure historia ezagutu eta agertu nahi izan diat. Eskolan erakutsi ez zigutena ezagutzeak piztu zian ene interesa; ahantziarazi digutena, gure aintzinekoek fratsestuek ezagutu ez dutena.

-Historian oinarritu al haiz?

-Obran agertzen diren data eta gako batzuk historia liburuetan irakurtu ditiat, baina ez diat ikerketa sakonik egin, ez diat historikotasunik bilatu.

Pertsonaiak denak asmatuak dituk, eta horiek mugitzen ditek obra. Izura herri inportantea zian garai hartan, merkatal gunea.